Omitir los comandos de cinta
Saltar al contenido principal
Monarkia historian
  • Escuchar
  • Imprimir la página
  • Enviar a un amigo
  • Suscribirse al RSS de la página
  • Compartir en Facebook
  • Compartir en Twitter
  • Compartir en Linkedin

Monarkia Espainiako Historian

 
Historian zehar, monarkia, hainbat esanahi eta modalitatetan, gobernu-mota nagusia edo botere politikoaren goi-antolakuntza izan da Espainian eta ondoko eta uharteetako lurraldeetan. Ildo horretan, Espainiaren historia politiko-instituzionala, Europako beste herrialde batzuetan bezala, monarkiaren eta bere erregeen historia da nolabait ere.
 

"Regnorum Hispaniae nova descriptio". 1631. Willem Blaeu.
 
Antzinaroko erreinu ezagunek, hala nola Tartessoek penintsularen hegoaldean, edo Metalen Aroan Iberia osoan finkatu ziren herriek —iberoak, zeltak eta beste batzuk— modu monarkikoak ezarri zituzten batik bat, gobernu-mota eta boterea definitzeko eta egituratzeko.
K.a. III. mende amaieratik aurrera, Penintsulan zegoen zibilizazio erromatarrak joerari jarraitu eta Erromatar Inperioan barneratu zuen Penintsula —garai hartan Hispania zeritzona —. Aipatu Inperioa egitura politiko monarkiko gisa bermatu zen, argi eta garbi, Hispania guztiz barne hartu zuenean, lehenengo enperadore Augustoren garaian. Hispaniak enperadore garrantzitsu batzuk eman zizkion Erromari, adibidez Trajano —mugak Britainiar uharteetatik Mesopotamiara zabaldu zituen, baita egungo Errumaniara arte ere—, Adriano eta Marco Aurelio —utzi zuten aztarna kultural, filosofiko eta artistikoagatik ezagunak—, edo Teodosio Handia, Inperioa behin betiko bi zatitan banatu zuena, Estatu handi grekolatino sortu-berria ekialdeko munduan —Ekialdeko Inperio Erromatarra, Inperio bizantziar bezala ezaguna— finkatu eta aipatu Estatuak bertan jarraitu ahal izan zezan Aro Modernoaren hasieratik XV. mendearen erdialdera arte.
Mendebaldeko Inperio Erromatarra gelditu eta banatu zenean, batik bat modu monarkikoan ere antolatzen ziren jatorri germaniarreko herrien erasoen ondorioz, erreinu independenteak sorrarazi ziren garai hartako probintzia erromatarretan. K.o. V. mendean, Hispanian finkatu zen bisigodoen herria, Europa iparraldetik etorri eta lurralde erromatarra zeharkatzen ziharduena hainbat mende atzera. Ataulfo erregeak, alegia, erromatarren subiranotasun formalaren mende zegoen Hispania erreinatu zuen lehenengo monarka bisigodoak, errege-xedapen batzuk ezarri zituen; hori izan zen duela mila eta seiehun urte Espainian errege-botere autonomoa erabili izanaren adibidea. Gerora, Leovigildo errege eta oinordekoekin lurralde hispanikoaren batasun antzeko bat sortu zen VI. eta VII. mendeetan politika, lurralde, justizia eta erlijio esparruan, aurkako botere batzuk, hala nola Penintsularen ipar-mendebaldean zegoen sueboen erreinua, menderatu eta jatorri erromatar eta godoetako biztanleei bereizketarik gabe aplikatzeko lege-kodeak bateratu ondoren eta batasun erlijiosoa lortu ostean, katolizismoaren esparruan arianismoa behin betiko baztertzerakoan.
Monarkia hispano-godoa (Erromaren oinordeko eta ondorengo politiko eta legala Penintsulan) izan zen guztiz hispanikoa den lehenengo Erreinu edo Estatu independentea eremu eta lurraldeei dagokienez. Koroak edo goi-buruzagitza hautatzeko aukera eman zen: leinu jakin batean monarkak hautatu ziren.
Musulmanekin zituzten barne-gatazkak eta horien konkistaren ondorioz Erreinu hispano-godoak behera egin zuenean, historian Errekonkista izenez ezagutzen den prozesu arruntari eman zitzaion hasiera. Penintsula iparraldeko hainbat kristau-gunetan, bereziki Asturiasen, modu monarkikoan antolatu ziren erreinu eta espazioak sortu ziren, eta azken horiek, pixkanaka eta etengabe, Penintsulako lurraldea berreskuratzeari ekin zioten, desagertutako Erreinu hispano-godoa oinarri, guztiz berritu ahal izateko asmoarekin.
Asturias, Galizia, León, Gaztela, eta baita Nafarroa, Aragoi eta konderri katalanek ere, euren jatorrizko leinuak finkatu eta lurraldeak zabaldu zituzten, ondoko espazioetan erreinu berriak sortzeko aukera ere emanez. Hala sortu ziren Penintsulan eta Uharteetan beste hainbat erreinu: Portugal, Valentzia eta Mallorca. Mende haietan, Al-Andalusi zegokion penintsularen zatia modu monarkikoan antolatu zen, kristauen gunea bezala; garaiaren arabera sortu izan ziren, bada, emirerria eta Kordobako kaliferria eta, gero, Taifen erreinuak.
Azpimarratu behar da garai hartako munduan nagusi zen mundu monarkikoa ikusteko eta ulertzeko modu landuenak antolatu zirela instituzioetan bai Hispania kristauan, tradizio hispano-erromatarraren eta hispano-godoaren oinordeko zen horretan, bai Al-Andalusen. Gauzak horrela, mendebaldeko Europan maila politiko-formal gorena Inperio Erromatar Germaniar Sakratuaren enperadorea zen bezala, Espainia kristauan hainbat errege egon ziren —bereziki Alfontso VI.a eta Leongo eta Gaztela Alfontso VII.a— Espainiako edo Espainietako enperadorearen duintasuna beren gain hartzeko. Lur hispano-musulmandarretan, berriz, Kordobako monarkek Emir eta Kalifa tituluak hartu zituzten, Damasko edo Bagdaden zentroak zituzten Afrika eta Asiako unibertso islamikoko aurkarien moduan.
XV. mendean, Errekonkistaren une gorena iritsi zen gune hispano-musulmandarra desagertu eta Espainiako Koro nagusiek (Gaztela eta Aragoi), politikari eta lurraldeei dagokienez, bat egin zutenean; errege berberak gorde ziren, hots, Isabel eta Fernando Errege Katolikoak. Monarkien batasun horri Nafarroako Erreinua batu zitzaion berehala eta, hurrengo mendearen amaieran, Portugalgo erreinua; horrela sortu zen Penintsulako batasun hispaniko edo iberiar osoa, monarkia komun baten inguruan. Garai berean, eta baita geroago XVII eta XVIII. mendeetan ere, Espainiako monarkia mundura zabaldu zen: hainbat kontinentetako lurraldeak eta erreinuak barne hartu zituen. Andaluziako lurrak antolatu bezala egituratu ziren Amerikako herriak eta lurraldeak, Fernando III.aren garaiko konkisten ostean. Andaluzian erreinuak sortu ziren bezala –Jaengoa, Kordobakoa, Sevillakoa eta gerora Granadakoa–, Indietan ere erreinuak ezarri ziren, erregearen ordezkari gisa, erregeordeak buru izaki, bai Nueva Españan, El Perún eta gerora Nueva Granada eta Platan. Gauzak horrela, erregea enperadoreen ondorengotzat jotzen zen; hala adierazi nahi izan zen azteken azken enperadore Moctezuma eta azken enperadore inka Atahualparen eskulturen bidez Madrilgo Errege Jauregiko fatxadetako batean.
Alejandro VI.a aita santuak Espainiako Errege Fernando, Isabel eta ondorengoei Katolikoak titulu edo tratamendu tradizionala esleitu zien une hartan erregeak zuen adskripzio erlijiosoari eta fede katolikoaren defentsari erreferentzia eginez; hala ere, zenbait interpretazioren arabera, izaera ekumeniko eta unibertsalistaren isla ere ba omen zen, une hartan eta munduaren historian lehenengo aldiz, botere politikoak –kasu honetan Monarkia Hispanikoak– dimentsio global bat lortu baitzuen subiranotasunarekin eta kontinente guztietan –Amerikan, Europan, Asian, Afrikan eta Ozeanian–  eta itsaso zein ozeano nagusietan –Atlantikoan, Ozeano Barean, Indiakoan eta Mediterraneoan– zuen presentziari esker.
Espainiako monarkiaren metatze- eta barneratze-prozesu historikoaren ondorioz, Espainiako erregeek titulazio espezifikoak erabili zituzten. Monarkiaren jatorrizko leinuari erreferentzia eginez titulu laburraz gainera —Espainiako Erregea, edo Espainietakoa—, ofizialki erabili zen, erreinu bakoitzean eta XIX. mendera arte, titulu handia edo luzea Espainiako erregeak erreinatzen zituen, arbasoek erreinatu zituzten edo zilegi zitzaizkion lurralde eta tituluak modu esplizituan aipatuz. Horren adibide garbia da Karlos IV.aren titulazioa, 1805ean, Espainiako Legeen Bilduma Berriaren lege-testuaren aurretiko Errege Zedulan errege izendatzeko adierazten den moduan: “Jainkoaren graziako On Karlos erregea, Gaztelakoa, Leongoa, Aragoikoa, Bi Sizilietakoa, Jerusalemgoa, Nafarroakoa, Granadakoa, Toledokoa, Valentziakoa, Galiziakoa, Mallorcakoa, Menorcakoa, Sevillakoa, Sardiniakoa, Kordobakoa, Korsikakoa, Murtziakoa, Jaengoa, Algarbesekoa, Algecirasekoa, Gibraltarrekoa, Kanariar Uharteetakoa, Ekialdeko eta Mendebaldeko Indietakoa, Ozeano itsasoaren uharte eta lurretakoa; Austriako artxidukea; Borgoinako, Brabante eta Milango dukea; Apsbug, Flandes, Tirol eta Bartzelonako kondea; Bizkaiko eta Molinako jauna". Azpimarratu behar da indarrean dagoen Espainiako Konstituzioan, 56.2 artikuluan, adierazten dela Estatuburua "Espainiako erregea dela eta Koroari dagozkion besteak erabili ahal izango dituela".
Estatu monarkikoaren gailurrean, Koroa arduratu zen gobernatzeko funtzio goren eta zabalez, bai Erdi Aroan, bai Antzinako Erregimenean, eta horren ondorioz, erantzukizun berezia izan zuen ekintza on zein hutsegiteetan.
Antso III.a Nagusiak, Nafarroako erregeak, Espainia kristauaren zati handi bat erreinatu zuen XI. mendean. Hala ere, Erdi Aroan izandako beste errege hispano batzuek bezala eta garaiko monarkiaren kontzeptu patrimonialista tradizionalaren ondorioz, bere esku zituen domeinuak banatzea agindu zuen hiltzen zenean. Leongo Errege Alfontso IX.ak, ordea, aurre hartu eta Europan izan ziren lehenengo Gorteetarako deialdia luzatu zuen hiritarren, nobleen eta klerikoen parte-hartzea izateko. Fernando III.ak Santuak behin betiko batu zituen Gaztelako eta Leongo erreinuak, Errekonkistari bultzada aldaezin bat emanez. Alfontso X.ak Jakintsuak kultura eta arteen alde egin zuen, Estatu monarkikorako modu berri baterako lege- eta ogasun-fundamentuak ezartzeaz gainera. Jakue I.ak Aragoikoak eta bere ondorengoek Aragoiko Koroko lurraldeen batasun politikoa finkatu zuten, baita mediterraneoaz besterako zabalkundea sendotu ere.
Eta Aro Modernoan, Errege Katolikoek, Errekonkista biribildu eta Mundu Berria deskubritu ahal izateko aukera emateaz gainera, Jendeen Zuzenbidea sustatu zuten —Nazioarteko Zuzenbidearen hasiera eta oinarria—, Indietarako legedi berri bat ezarri, defendatzen zituen eskubideak babeste aldera, eta Espainian judutarrek kristau bihurtzeko edo alde egiteko aukera ere luzatu. Karlos I.ak, Espainiako baliabide politiko, ekonomiko eta militarrei esker, Inperio Erromatar Germaniar Sakratuaren eta, batik bat, Mexiko eta Peruko Inperio handien eta lurralde amerikarren domeinuak bildu zituenez, Historia Unibertsaleko errege famatuenetako bat bihurtu zen, Karlos V.a baino are ezagunagoa. Hala ere, Espainian, 1520 inguruan, hirien askatasunaren alde borrokatzen zuten mugimenduekin amaitu zuen. Felipe II.ak —aurrez, ezkondu izanari esker, Ingalaterrako eta Irlandako errege izan zen— Penintsula batu zuen Portugal Korora barneratu zuenean; hura izan zen monarkia hispanikoaren urrezko garaia mundu osoan; Koroak, halaber, hegemoniari eutsi zion Felipe III.a eta Felipe IV.arekin batera —Planetako erregea zeritzon azken hori—, XVII. mendearen erdialdera arte. XVIII. mendeko ilustrazio-garaiaren ostean, Felipe V.a, Fernando VI.a eta Karlos III.a eta IV.a bezalako subiranoek bultzatuta, ezegonkortasun politiko, ekonomiko eta soziala iritsi zen, 1801 eta1814 artean Napoleon Bonaparteren armaden kontra izandako gerraren ondorioak medio.
Antzinako Erregimenak Estatu Liberal izateko jarraitutako bidea Erregearen eskumeneko subiranotasunak Nazioarena soilik den ezaugarria izateko egindakoa ere bada; hala ezarri zen Cádizen 1812ko Konstituzioan. Subiranotasunaren titulartasuna herriari emateko translazio-prozesu horretan, erregea izendatu zen Nazio subiranoaren ordezkari instituzional eta pertsonal goren gisa. Kargu-aldatze hori funtsezkoa da erregeak gaur egun Estatuburu eta subiranotasuna dagoen Nazioaren ordezkari goren gisa duen nortasuna ulertzeko.
Fernando VIII.a hil zenean eta bere alargun erregina gobernatzaile Maria Kristina andrea Borboikoaren garaian, aldaketa politiko bat sustatu zen 1837ko Konstituzioa osatzeko, eta, hala, Espainia monarkia absolutu baten agindupean egotetik Nazioan subiranotasuna izatera pasa zen. XIX. mendean, Espainia —garai errepublikar labur batean murgildua— isabeldarren eta karlisten arteko barne-gerren lekuko izan zen. Era berean, Isabel II.aren erregealdian, Espainian garrantzi handiko aldaketak izan ziren ekonomian, politikan eta gizartean: moneta-sistema, ogasun-sistema eta sistema instituzionalak aplikatu ziren industrializazio-prozesu bat sustatzeko asmoz, garraioetan (batik bat trenaren sektorean) eta komunikazioetan izandako aldaketa handiak oinarri, eta enpresak sortzeko eta horien ekimena bultzatzeko legedia ezarri zuen.
Alfontso XII.arekin 1875ean hasi zen Berrezarpen garaia 1931n amaitu zen II. Errepublika aldarrikatu eta Alfontso XIII.aren erregealdia bukatu zenean. Hazkunde ekonomiko izugarria eragin zen urte haietan Espainiaren industrializazioari eta lehenengo mundu gerran herrialdeak mantendu zuen neutraltasunari esker. 1947an, Espainiako Gerra Zibila amaitu eta zortzi urtera, diktadura-erregimen bete-betean, legez ezarri zen Espainia Erreinuan eratutako Estatu bat zela.
Berorren maiestate Juan Karlos I.a erregea Estatuko buru izendatu izanak trantsizio garaia erraztu eta sustatu zuen askatasun osoko erregimen demokratiko bat eta Estatu sozial eta zuzenbidezko bat izate aldera, 1978ko Konstituzioan adierazi bezala. Orduz geroztik igarotako hamarkadetan, Espainiako historia garaikide osoan izandako aurrerapen ekonomiko eta sozial handienak jazo zirela esan ohi da.
                                                    ***
Espainiako errege-familian, Goi Erdi Aroko antzinako erreinu kristau hispanikoetako errege-familietatik datorren honetan, hainbat etxe dinastiko adskribatu ziren historiako garai bakoitzean, eta etxe horietako bakoitzaren abizen espezifikoarekin izendatu zen errege-familia. Gauzak horrela, eta ohiz eta sailkatzeko irizpide historiografikoen arabera Espainia osoa batu zenetik Trastamara, Austria eta Borboiko etxeek erreinatu badute ere, berez jarraipen dinastiko eta familiartekoa dago, Espainiako Koroko egungo titular berorren maiestate on Felipe VI.a genealogikoki lotzen duena bai Aro Modernoko eta Garaikideko Espainiako erregeekin bai Penintsulan Erdi Aroan izandako erreinuen antzinako erregeekin.