Berorren Maiestate Juan Carlos I.a Erregea
Berorren Maiestate don Juan Carlos I Erregea 1938ko urtarrilaren 5ean jaio zen Erroman, Errege Etxeko kideak bertan bizi baitziren, 1931n, Errepublika aldarrikatu zenean, Espainiatik irten behar izan zutelako. Gurasoak izan zituen, batetik, Juan Borboi-Battembergekoa, Bartzelonako kondea eta Espainiako Errege Etxeko burua, haren aitak, Alfonso XIII.a Erregeak, karguari uko egin ondoren, eta, bestetik, María de las Mercedes Borboikoa eta Orleansekoa.
Bere aitaren gogoari jarraiki, funtsezko prestakuntza Espainian jaso zuen. Hamar urte zituela iritsi zen lehen aldiz Espainiara, eta Portugaldik zetorren, 1946. urteaz geroztik Bartzelonako konde-kondesak Estoril hiribildu atlantikoan bizi baitziren. Aurretik, barneko ikaslea izan zen Suitzako Friburgo hiriko Marianisten ikastetxean.
Prestakuntza Akademikoa
1954an Batxilergoa amaitu zuen San Isidro Institutuan, Madrilen, eta 1955az geroztik hiru Armadetako Akademia eta Eskola Militarretan ikasi zuen. Armadan Ofizial-gradua lortu zuen. Etapa horretan praktika-bidaia egin zuen, "Juan Sebastián Elcano" eskola-ontzian ofizialgai gisa jardunez, eta pilotu militarraren titulua lortu zuen. 1960-61 ikasturtean prestakuntza osatu zuen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, Zuzenbide Politikoaren eta Nazioarteko Zuzenbidearen, Ekonomiaren eta Ogasun Publikoaren alorretako ikasketak eginez.
1962ko maiatzaren 14an Berorren Errege Gorentasun Greziako Sofia printzesarekin ezkondu zen, Atenasen, hain zuzen ere Berorien Maiestate Pablo I.a eta Federica Errege-erreginen lehen alabarekin. Eztei-bidaia amaitutakoan, Printze-printzesak Zarzuela Jauregira joan ziren bizitzera, Madrilgo inguruetan, eta gaur egun ere bertan bizi dira. 1963an beren seme-alabetako lehena jaio zen, Berorren Errege Gorentasun Elena infanta. Bi urte geroago, berriz, Berorren Errege Gorentasun Cristina infanta jaio zen, eta azkenik, 1968an, Berorren Errege Gorentasun Felipe printzea.