Omitir los comandos de cinta
Saltar al contenido principal
Monarkia historian

ERREGE LEKUAK

 
Ondare Nazionalak Koroak Estatuari lagatako ondasunak administratzen eta kudeatzen ditu, eta horiek erabiltzeko eskubidea du. Besteak beste, hiru helburu ditu: Europako kultura-multzorik garrantzitsuenetako bat herritar guztien eskura jartzea, ondasun historiko higigarri eta higiezinak kontserbatu eta zaharberritzea, eta administratzen dituen baso eta lorategietako ingurumena, flora eta fauna zaintzea eta errespetatzea.
Ondare Nazionalak ekainaren 16ko 23/1982 Legeari jarraitzen dio. Legeak Ondare Nazionalaren eginkizun bikoitza arautzen du: alde batetik, Berorren Maiestate Erregeak eta Errege Familiako kideek Konstituzioan eta legeetan esleituta duten goi-ordezkaritzarako erabiltzeko daude ondasun horiek; bestetik, Ondare Nazionalak ondasun-sistema horren izaerak eta garrantzi historikoak emandako kultura-funtzioak bete behar ditu (ondasun horietako gehienek interes historiko-artistikoa dute, eta, beraz, kulturaren arloko mantentze, zaharberritze, ikerketa, kontserbazio, erakusketa, irakaskuntza eta zabalkundeari lotutako jardunak egin behar dira).
Ondare Nazionalak Koroak sortutako zortzi errege-jauregi, landako bost errege-egoitza eta hamar monasterio eta komentu, 20.500 hektarea basotan eta 589 hektarea lorategi historikotan (horietako 154 gizadiaren ondarea osatzen duten kultura-paisaiatzat hartu dira) kudeatzen ditu.  Halaber, leku horietako ondasun higigarriak, arte-bildumak, Koroaren erabilera eta zerbitzurako esleitutako ondasunak eta Berorren Maiestate Erregeak Estatuari egindako dohaintzak administratzen ditu.
Errege-lekuak Estatuko zeremonietarako eta Espainiako Erresumako ekitaldi ofizialik garrantzitsuenetarako erabiltzen dira. Azpimarragarrienak Madrilgo Errege Jauregian egiten direnak dira.
Errege-lekuetan, Ondare Nazionalaren museoak jendearentzat zabalik daude. Urtean hiru milioi lagunetik gora joaten dira museo horietara. Erakundea, beraz, Espainiako kultura-organismo nagusietako bat da.

Más Información Web: www.patrimonionacional.es

MADRILGO ERREGE JAUREGIA

1734. urtean sute batek suntsituriko alkazar zaharraren aurrien gainean eraikita dago egungo jauregia. Felipe V.a erregeak agindu zuen jauregi berria eraikitzea. Estilo barrokoa du, ganga-egitura dauka, eta Europako Gorte garrantzitsuenetako bat bildu zuen erakinak.
 
Oin karratukoa da Madrilgo Errege Jauregia, erdian patio nagusia duela, Printzearen Patioa. Fatxada nagusia hegoaldera zabaltzen da Arma Plazarantz, eta mendebalderantz Jauregiko Artxibo Nagusiaren eta Errege Armategiaren bidez. Biltzen dituen gelen artean nabarmentzekoak dira Tronu Aretoaren multzo artistikoa, Gasparini aretoa, Kapera eta Gala Jantokia. Sartaldean jauregiko lorategiak zabaltzen dira ibairantz, "Mairuaren Soroa" (“Campo del Moro”) izenez ezaguturiko lorategiak.
 
Gaur egun, Berorren Maiestate Erregearen egoitza ofiziala da Madrilgo Errege Jauregia Konstituzioak ematen dizkion goi-ordezkaritzako eginkizunak egikaritzeko.
 
Jendeak bisita dezake, eta Errege Liburutegia edo Jauregiko Artxibo Nagusia, berriz, ikerketa-lanak egiteko erabil daitezke. Jauregiak Errege-bildumetako arte-obra ugari, zaharberritze-lantegiak eta tapiz-biltegiak biltzen ditu barruan.

Más Información Web: www.patrimonionacional.es

SAN LORENZO DE EL ESCORIALEKO ERREGE MONASTERIOA

Gizateriaren Ondare deklaraturiko eraikin itzel honen fundazioa Felipe II.ari zor zaio, hark agindu baitzien proiektua 1562an Juan Bautista de Toledori eta Juan de Herrerari. "Espainiako Urrezko Mendearen" helburu ideologiko eta kulturalen monumentu adierazgarriena da monasterioa, eta arte-forma italiar eta flamenkoen sintesi originalean oinarrituta dago. Jauregia, Komentua, Kolegioa, Liburutegia, Basilika, Erregeen Panteoia eta Erregearen, Erreginaren eta Fraideen Lorategiak biltzen ditu monasterioaren multzoak.
San Lorenzo de El Escorialeko Errege Monasterioaren gangetako freskoak Zuccaro, Tibaldi eta Cambiasso artista italiarrek pintatu zituzten. Pintura bikain horiek Liburutegiaren, Sakristiaren, Kapitulu Gelen, Behe Klaustroaren, Eskailera Nagusiaren edo Batailen Galeriaren dekorazioaren zati dira. Monegroren eskulturek, Bosch-en, Navarreteren edo Grecoren koadroek eta Isabel Katolikoa Erreginaren "Urrezko Oihalak" serieko tapizek osatzen dute multzo artistikoa. Garrantzi berezia dute Ebanjelarien Patioak, Pintura Museoak edo Austrien eta Borboien Jauregiek.

Más Información Web: www.patrimonionacional.es

EL PARDO ERREGE LEKUA

El Pardo Mendia Madrilen iparraldean zabaltzen da ia 16.000 hektarea basorekin, eta Erdi Aroaz geroztik Gaztelako erregeen interesa erakarri zuen erreserba ekologikoa dugu. Ehiza-pabilioi baten eraikuntza izan zen ondorengo jauregi-multzoen oinarria, eta El Pardoko Errege Jauregia da horien guztien artean nabarmentzekoa. Enrike IV.aren aginduz eraiki zuten, Karlos V.a Enperadorearen garaian zaharberritu eta Karlos III.a Erregearekin handitu bazuten ere. Goyaren eta Bayeuren tapizak dira azpimarratzekoak Jauregian, baita Gaspar Becerraren freskoak ere.
El Pardo Errege Lekuan dago Printzearen Etxetxoa (XVIII. mendea), Karlos IV.arentzat Juan de Villanueva arkitektoak eraikitakoa; eta Arcoko Dukearen Landetxea. Gaur egun, El Pardo Mendian daude Zarzuela Jauregia, Berorien Maiestate Espainiako Errege-erreginen egoitza dena, eta Berorien Errege Gorentasun Asturiasko Printzeen Pabilioia.

Más Información Web: www.patrimonionacional.es

ARANJUEZKO ERREGE LEKUA

 El Escorialeko arkitekto berek —Juan Bautista de Toledok eta Juan de Herrerak– jaso zuten Jauregi hau eraikitzeko lana, Felipe II.aren aginduz. Tajo eta Jarama ibaien artean dago, eta Fernando VI.arekin amaitu zuten azkenik, Karlos III.aren denboran beste bi hegal gehitu bazizkioten ere. XVIII. mendeko ekarpenak biltzen ditu batez ere Jauregiaren dekorazioak, eta horien artean nabarmentzekoak dira Portzelanazko Kabinetea eta Ispiluen Aretoa, baita koadro, tapiz, altzari eta lanpara ugari ere.
 
Zenbait zabalkunde egin ziren XVIII. mendean Aranjuezeko Errege Lekuan, Printzearen Lorategi zoragarrietan zehazki: Laborariaren Etxea, dekorazio- eta luxu-arteko benetako museoa dena, eta Errege Ontzien Museoa, errege-erreginen aisialdiko ontzien bilduma ikusgarrienetako bat biltzen duena.

Más Información Web: www.patrimonionacional.es

SAN PASKOAL ERREGE KOMENTUA

Aranjuezeko San Paskoal Errege Komentua Sabatini arkitektoak eraiki zuen 1765etik 1770era bitartean, Karlos III.aren aginduz, eta hark bihurtu zuen frantziskotarren komentu. Moja kontzeptzionisten eskuetara igaro zen Isabel II.aren erregealdian, eta gaur egun arte atxiki zaio zirkunstantzia horri, errege-fundazioko beste zenbait patronatutan ere gertatzen den bezalaxe.  
 
Fonton erromatarrari zor zaizkio komentuaren arkitektura eta jenderentzat irekitako eliza, eta biltzen dituen obren artean aldare nagusiko Antonio Rafael Mengs-ek eginiko koadroa da nabarmentzekoa.

Más Información Web: www.patrimonionacional.es

SAN ILDEFONTSO GRANJAREN ERREGE LEKUA

Guadarramako mendilerroan dago, eta El Parralgo monje jeronimotarrek Segovian zeukaten granja zahar batetik datorkio izena. Felipe V.a leku honetara erretiratu zen 1724an, eta lorategiak eta jauregia handitu zituen, eta Alfontso XIII.aren arteko haren ondorengo guztiek udako egoitza gisa erabili zuten jauregia, hain zuzen ere.
Barruan Lucas Jordan-en, Bassano-ren eta Teniers-en pinturak eta Carrarako marmolezko eskulturak dira nabarmentzekoak. Gainera, interes handia dute freskoan pintaturiko gangek, koadroek eta XVIII. eta XIX. mendeetako altzariek.
 
Kanpoan, Boutelou-k egindako lorategi zoragarriak gaur egun gordetzen diren XVIII. mendeko adibide paisajistiko onenetakoak dira. Dena den, iturriak dira Granjaren protagonista nagusiak. Beirazko eskultura zoragarriekin dekoratuta, nabarmentzekoak dira Neptunoren, Apoloren eta Andromedaren multzo eskultorikoak, Zaldi Lasterketaren perspektiba zabalean; beste iturri monumental batzuen izenak Ur-jauzi Berria, Zortzi Kaleak, Saskitxoa, Igelak, Dianaren Bainuak eta Ospearen iturria dira.

Más Información Web: www.patrimonionacional.es

RIOFRIOKO ERREGE JAUREGIA

Felipe V.aren heriotzaren ondoren, Elisabet Farnese erregina Granjan bizi izan zen Fernando VI.aren agintaldian (1746-1759). Urte horietan, Riofrioko Barrutia deiturikoa eskuratu zuen eta Errege Leku berri baten eraikuntzari ekin zion.
Jauregia, XVIII. mendeko moldekoa, oin karratukoa eta estilo italiarrekoa, Santiago Bonavía arkitektoak altxa zuen 625 hektareako baso eder baten erdian, adarzabalez eta oreinez beteriko basoan, paraje natural bikaina osatzen duen ingurunean. Eraikinaren lau fatxadek, ia berdinak eta arrosaz pintaturikoek, patio zentral handientsua biltzen dute, baita eskailera bikoitz monumental bat ere, jauregiko gela nagusietara daramana.

Más Información Web: www.patrimonionacional.es

ALMUDAINAKO ERREGE JAUREGIA

Almudaina izenak —arabieraz, zitadela edo harresi-barrua— bere hormetan laburbiltzen du Balear Uharteen historia, bertatik igaro diren zibilizazio guztiek beren aztarna utzi baitute bertan. Castrum erromatar zahar baten gainean sorturikoa, uharteko gobernadoreen egoitza izan zen menderaldi musulmanak iraun zuen bitartean. Dena dela, XIII. mendetik aurrera, kristau menderaldian, Koroaren egoitza bihurtu zen Almudaina, eta egungo forma eman zitzaion, alkazarraren funtsezko egiturak eta bere arabiar bainuei eutsita.
Barruan, nabarmentzekoak dira Erregearen Kaperaren edo Santa Anaren kaperaren gelak, Done Jakueren Kapera, edo Areto Gotiko zoragarria. XVI. eta XVII. mendeetako altzari eta tapiz flamenkoekin eta XVIII. mendeko tapiz espainiarrekin dekoratuta dago jauregia. Uharteetan egiten duten egonaldian, Berorien Maiestate Errege-erreginen egoitza da gaur egun.

Más Información Web: www.patrimonionacional.es

ERREGE ALKAZARRAK

Gizateriaren Ondare gisa deklaratuta dago 1988az geroztik, eta Koroan dituen errege-egoitza guztien artetik bereziena dugu Sevillako Alkazarra, hainbat aldi artistikotako multzo arkitektoniko eta lorategiak biltzen baititu. Historian zehar zabalkuntzak eta zaharberritzeak egin dira hasierako multzoaren gain. Aldaketa horietan Errege-erregina Katolikoen, Karlos V.aren, Felipe II.aren eta Isabel II.aren adierazgarriak daude jasota.
Gune aipagarrienen artean bilduta daude Pedro Erregearen Jauregi Mudejarra, Alfontso X.aren gela gotikoak, Errege-erregina Katolikoen gelak eta Karlos V.aren garaiko dekorazio errenazentistak.
Gela Garaia da Berorien Maiestate Errege-erreginen egoitza ofiziala Sevillan egiten dituzten egonaldietan.

Más Información Web: www.patrimonionacional.es

ERREGE OINUTSEN MONASTERIOA

Madrilgo Errege Oinutsen Monasterioa Karlos V.aren Errege Kontulariaren jauregi zaharra zen. Karlosen alaba Joanak errege-patronatua sortu zuen 1557an Gandiatik (Valentzia) etorritako moja frantziskotar oinutsekin.
XVI. mendeko jauregi zaharraren egitura eta dekorazio-elementu ugari gordetzen ditu barruan, Bruselan ehunduriko tapiz zoragarriez gain, Rubens-en kartoien gainean eginikoak. 1987an Europako Kontseiluak Urteko Museoari emandako Saria jaso zuen, bere balio artistikoagatik eta museo ez-konbentzionala izateagatik, moja frantziskotar oinutsak bizi diren lehen klausura-monasterioa izan baita bere gelak jendeari zabaldu dizkionak, bisita gidatuan betiere.

Más Información Web: www.patrimonionacional.es

GIZAKUNDEAREN ERREGE MONASTERIOA

Felipe III.aren emazte Austriako Margarita Erreginak sortu zuen Monasterioa 1611n, eta moja agustindar errekoletoen ordena erlijiosoari agindu zion monasterioaren zaintza. Juan Gómez de Mora eta Fray Alberto de la Madre de Dios arkitektoei zor zaie eraikina, 1767an Ventura Rodríguezek ia berreraiki egin bazuen ere.
Hiriburuko eliza ederrenetako bat biltzen du eta komentuak, aldiz, XVII. eta XVIII. mendeko multzo piktoriko eta eskultoriko garrantzitsuak gordetzen ditu, Lucas Jordánen, Juan Van der Hamen-en edo Pedro de Menaren obrekin. Arreta berezia merezi du erlikitegiak, brontzezko, koralezko, bolizko eta zur finez egindako 700 pieza inguru biltzen baititu.

Más Información Web: www.patrimonionacional.es

SANTA CLARA DE TORDESILLASKO ERREGE MONASTERIOA

Valladolideko jauregi mudejar zahar baten gainean eraikitakoa, Beatriz infantak sortu zuen monasterioa 1363an, klaratarren komentu bihurtu zen ondoren eta estilo gotikoko eliza gehitu zitzaion XV. eta XVI. mendeetan. Jauregi mudejar zaharraren hainbat elementu garrantzitsu gordetzen dira, hala nola jauregiaren fatxada, kapera handia —Toledoko eta Andaluziako artista mudejarren maisu-obra den teilatu oktogonalarekin— eta sarrera-patioa edo Konpasa. 
Berrugueteko Eskolaren pintura gaztelarrak biltzen ditu monasterioak, baita hainbat garaitako freskoak ere, oihal polikromatuez gain. Santa Clara de Tordesillasko Errege Monasterioaren bainu arabiarrak bakarrak dira Europa osoan.
 

Más Información Web: www.patrimonionacional.es

HUELGASKO SANTA MARÍA LA REAL MONASTERIOA

Burgosko Huelgasko Errege Monasterioa, moja zistertarrena, Alfontso VIII.ak eta haren emazte Leonor Erreginak sortu zuten 1187an, eta bien gorpuek tenpluaren erdiko nabean hartzen dute atseden. Garai horri gagozkiola, nabarmentzekoak dira klaustro erromanikoa eta Jasokunde Kapera, arte almohadearen adibidea. XIII. mendeko bigarren erdikoa da egungo tenpluaren obra handia, eta Kapitulu Gela eta errefektorioa dira nabarmentzekoak. Angelu guztietatik ere ikus daitezke San Fernandoren eta “Las Claustrillas” deituriko klaustro zoragarriak.
1987an Berorien Maiestate Errege-erreginek inauguraturiko eta 2009an zabalduriko Erdi Aroko Oihalen Museoa biltzen du monasterioak, eta museoan bilduta daude munduan bakarrak diren Erdi Aroko gorputz osoko jantziak.

Más Información Web: www.patrimonionacional.es

YUSTEKO MONASTERIOA

Verako (Cáceres) eskualde naturalean dago, eta egungo eraikina XX. mendean berreraiki zen bere bizitzaren azken urteetan (1556-1558). Karlos V.ak egoitza gisa baliatu zuen monasterio zahar baten aurrien gainean. XV. eta XVI. mendeetan monasterio-eraikina zabaldu egin zen gaur egun duen itxura hartu arte. Garai horretakoak dira eliza eta bi klaustroak, bata estilo gotikokoa eta bestea Errenazimenduko garaikoa. Monasterioa erreferentzia-puntu garrantzitsua da bere esanahi historikoa kontuan izanda, kokatuta dagoen ingurunearen berezko edertasunaz gain.
Europako Ondare izendatua izan da Yusteko Monasterioa biltzen dituen balio historikoengatik, Karlos V.a Enperadorearen azken egoitza izan baitzen.
 

Más Información Web: www.patrimonionacional.es

GIZON OSPETSUEN PANTEOIA

Atochako Basilikaren ondoan dago Gizon Ospetsuen Panteoia, Fernando Arbós-en proiektuaren arabera XIX. mendearen amaieran eraikitakoa. Irekidurarik gabeko horma da ia erakin guztia, kareharrizko zerrenda horizontal zuri eta grisekin. Barruan sei banako mausoleo ikus daitezke, eta horien artean daude José Canalejasen; Manuel Gutiérrez de la Concha jeneralaren, Práxedes Mateo Sagastaren, Eduardo Datoren, Antonio Ríos Rosasen eta Antonio Cánovas del Castilloren hilobiak. Hilobi-eskulturaren bi adibide itzelen egile dira Manuel Benlliure eta Agustín Querol artistak. Klaustro txiki batean bada mausoleo kolektibo bat, herri-harpidetza bidez eraiki eta Federico Aparici artistak egindakoa.
Panteoi horren eraikuntzarekin egia bihurtu ziren, neurri batean, espainiar ospetsuenen gorpuak biltzeko toki bat prestatzeko izandako ondoz ondoko proiektuak.
 

Más Información Web: www.patrimonionacional.es

ATOCHAKO AMA BIRJINAREN ERREGE BASILIKA

XII. mendeaz geroztik, ermita txiki bat zen Atocha, eta Atochako Ama Birjinaren irudi erromanikoa gurtzen zuten bertan. Madrildarrek eta errege-erreginek gurturiko irudi sakratua "Gortearen Patroi" bihurtu zen eta Almudenakoa, aldiz, “Hiriko Patroi” gisa geratu zen, bi adbokazioen artean zegoen lehia bere horretan uzteko. XX. mendean eraiki zen egungo eraikina.
Atochako santutegia, 1602an Errege Patronatuetara igaroko zena, asko maite izan dute Espainiako errege-erreginek, eta ohikoa izaten da beren bizitzaren lehenengo hilabeteetan infanteak Atochako Ama Birjinari aurkeztea.

SANTA ISABELGO MONASTERIOA

Bi fundazio biltzen ditu Santa Isabelgo Errege Monasterioak: Felipe II.ak ezarritako nesken kolegio bat eta moja agustindar errekoletoen klausura-komentu bat, Felipe II.aren emazte Austriako Margarita Erreginak sorturikoa.
Gurutze latindarreko oina eta kupula dauzka elizak, portada barrokoa du eta Juan Gómez de Morak diseinatu zuen 1640an. XVII. eta XVIII. mendeetako obra piktoriko ugari gordetzen dira klausuran.

Más Información Web: www.patrimonionacional.es

TOLEDOKO DONTZEILEN KOLEGIOA

Toledoko Dontzeila Nobleen Kolegioa Juan Martínez Siliceo Kardinalak sortu zuen 1551n, XVI. mendearen amaierako Toledoko Artzapezpiku izandakoak, eta orduz geroztik Berorren Maiestate Espainiako Erregea eta Toledoko Artzapezkipua dira kolegioko patroi.
Egungo arkitektura XVIII. mendekoa da, eta klaustro eder bat eta lorategirako galeria bat biltzen ditu, Ventura Rodríguezek egindakoa. Toledoko katedralaren Sierra maisuaren obra barrokoak dira eliza eta dorrea. Elizaren portadan Vazque Zaharrak eginiko XVI. mendeko behe-erliebe eder bat dago txertatuta.

Más Información Web: www.patrimonionacional.es